ya veremos ya ¡¡¡
Zilbor-heste lodietakoak abertzale horiek, hain lodiak non euren zilborrak baizik ikusten ez baitituzte, mundu zabaleko herrien askapenaren alde sutsu sutsuak agertzen direnean ere. Horrelako zilbor lodi latzak dituztela dirudi behintzat. Espainiar errepublika berri baten aldeko hiritar mugimendua pizten eta zabaltzen ari den parada honetan, ohiko Pilatosen antza eskuak garbitu nahi dituzte eskuineko abertzaleek ez ezik, euren burua ezkertiar eta erradikaltzat jotzen duten abertzaleek ere.
“Hor konpon espainiarrak monarkia ala errepublikarekin, guk euskal errepublika eskatzen dugu”, “Monarkiko ala errepublikarrak, espainiarrak dira betiere”, “Ondorengotza legea bortz guri, gure errege-erreginak ez dira”, “Ez dugu parte hartzen Euskal Herriarekin zer ikusirik ez duten bozketetan”… horrelako argudioak ikusten eta aditzen ditugu egun hauetan. Ahoak bete goiburu demokratiko edota solidario, Katalunia, Sahara, Eskozia, Ipar Irlanda, Estonia, Palestina, Maputxe, Amazoniako tribu eta herri, Lacandona, Venezuela, Paraguay, globalizazio neoliberalaren kontra, aldameneko eta munduko edozein muturreko askapen zantzu guztiekin..,, eta oraindik ere horrelako bitxikeriak entzun beharra espainiar errepublikaren aldeko mugimenduari dagokionez!
Dena dela eta hasteko, Euskal Herriarentzat solidaritate kontu hutsa izanen balitz bezala espainiar sistema politiko instituzional bat edo bertzea ezartzea. Solidaritate kontu hutsa izanen balitz bezala espainiar alderdibiko sistema hiper-kontserbadore eta usteldua leherraraziko lukeen bertze sistema bat ezartzen laguntza ematea. Hain independente ikusten al dute Euskal Herria Espainiatik, noraino eta espainiar sistema bat edo bertzea berdin jotzeraino? Ez ote da halako autismo bat? Non bizi dira itsu hauek? Metaforikoki aipatu ohi dugun Ebro ez dute ibai, ur uherrezko benda dute.
Baina, areago, demagun solidaritate kontu hutsa dela. Zertan gabiltza? Solidariorik solidarioenak mundu zabaleko askapen mugimendu guztiekin, espainiarrekin izan ezik? Horixe hasieran diodana: solidario agertzen direnean ere euren zilbor lodi latzak baizik ikusten ez dituztela dirudi, solidario agertu nahi, baina bakarrik horren truke bertzeek zerbait eskainiko digutelako esperantzan: hori ez da solidaritaterik, hori ‘do ut des’ da, elkartruke interesatua, solidaritatearen salerosketa da. Gora nazioarteko solidaritatearen merkantilizazioa!
Bere logika tristea du eskuineko abertzaleen kontzientzia solidario eskasak, berauek azken finean merkatuaren arabera ulertzen dituzte gehienbat giza harremanak berez. Baina beren burua ezkertiartzat jotzen dutenek! Horrelako Ezker Abertzale Ofizialak hain sostengu handia izateak gure herrian, zer adierazten du? Tristeziarik latzena: ez dugula deus ere ikasi.
Zeharo ados Bixenterekin