«Zapalduak izateari utzi eta zapaltzaile bihurtzeko arriskuan zaudete»

Estaturik ez duten nazioek estatua eratzean lurraldearen barruan dauden komunitateak errespetatzen ez direla uste du Nimnik; sufritutakoa erreproduzitzeko arriskua dutela, alegia.
AINHOA LARRABE ARNAIZ BILBO Berrian 20-5-2014

mapa_europa_satelite

Ephraim Nimni irakaslea da Belfasteko (Irlanda) Queen’s unibertsitatean. Etnia eta nazioen artean izaten diren gatazketan aditua da. Eta Euskal Herrian dago orain, Ikerbasque fundazioarekin batera ikerlanak egiten. EHUn ere eskolak ematen ditu, Euskal Nazionalismoa XXI. mendean masterrean. Autodeterminazioari buruzko hitzaldia eman zuen asteazkenean. Judua da Nimni, baina irmoki salatzen du Israelgo Estatua. Bere nazioaren arazo horrek eraman du bere ikerketa lerrora. Haren arabera, estatu nazioek berezko izaera «zapaltzailea» dute, beren lurraldeko gutxiengoak errespetatzen ez dituztelako.


Zein da defendatzen duzun tesia?


Nire ustetan, estatu nazioak dira, instituzio gisa, estaturik ez duten nazio guztiek sufritzen duten zapalketaren erantzule. Hortaz, estaturik ez duten nazioak, zapalkuntza horretatik askatzeko, estatu nazioa eraikitzea dute helburu gisa gehienetan. Estatua lortzean, beraiek sufritutakoa iraunaraztea edo prozesu berarekin jarraitzea ekar lezake. Laburbilduz: estaturik ez duen nazio batek estatua eratzean, bere barruan dauden gutxiengoak ez errespetatzeko aukera asko ditu. Eta berarekin egindakoa erreproduzituko luke. Hori da nik defenditzen dudan tesia.
Azalduko zenuke estatu nazio horri zein ezaugarri ematen dizkiozun?


Estatu nazio esaten dudanean, nazio bakarrean oinarritutako ordezkatze ereduaz ari naiz: komunitate etniko edo nazional baten ordezkaritza bakarraz, alegia. Gehienetan, estatuari izena ematen dion nazioa izan ohi da. Baina lurralde batean nazio edo talde etniko bat baino gehiago egoten da ia beti. Eta gehienetan gutxiengo horiek guztiak ez dira kolektiboki ordezkatuta egoten. Egin kontu, munduan 3.000 nazio inguru daudela esaten da, eta 7.000 etnia baino gehiago. Guztira 193 estatu daude gaur egun Nazio Batuen Elkartean ordezkatuta. Horrek erakusten du oso nazio gutxik dutela estatua. Estatu nazioa terminoa —estatu bat nazio bat formula erabiltzen duena— guztiz okerra da.
Estatu guztiak zapaltzaileak direla diozu?


Gaur egungo estatu nazioak diktadura kulturala ezartzen dutela esan nahi dut. Nagusitasuna duen nazioak ezartzen du herritarren eredua, eta horri erantzuten ez diona kanpoan geratzen da. Gailentzen den nazioak kohesioa eta homogeneizazioa eskatzen du. Eta homogeneotasun hori tirania bat da gutxiengoentzat. Gutxiengoa zarenean eta berezitasun bat duzunean, berezitasun hori ez da kolektibo gisa ordezkatua izaten.
Nondik dator estatu nazioaren ideia?


Frantziako Iraultzak nagusitu zuen eredu hori. 1789 urtearen ondoren, gutxiengoen asimilazio prozesua gertatu zen Frantziako Estatu osoan, nazio bakarra osatzearen helburuarekin. Frantsesa ezarri zuten hizkuntza nazional gisa, eta estatu barruan zeuden kultura aniztasuna edo eskualde kulturalak amaitu nahi izan zituen. Lurralde osoa nazio uniforme baten barruan biltzeko. Judua naizen aldetik, Israelgo prozesua da nik gertuen ezagutzen dudana, eta antzeko prozesua gertatzen da. Lurralde batean finkatu eta estatu nazioa eraikitzeko prozesuan murgildu zenean, juduen nazioa eta identitatea garatzeko sekulako basakeriak egin zituzten, eta egiten dituzte oraindik ere. Oinarria estatu nazioaren eraikuntza da.
Nazioak agintzen du horietan?


Subiranotasun nazionalaren doktrinak nazioa jartzen du subiranotasun horren oinarrian. Teoria politiko liberaletik datorren ideologia da, Frantzian eta Ingalaterran garatu zen XVII. eta XVIII. mendeetan. Nazioaren subiranotasuna eta herri demokrazia lotu egiten dira. Eta hori oso arriskutsua da, berdintasuna eta uniformetu nahastu egiten direlako. Demokrazia liberalak nagusia den nazioaren asimilaziora eramaten ditu gutxiengo guztiak. Eta hori da eskubide demokratikoak eta berdintasun indibiduala lortzeko baldintza. Hau da, gehiengoaren portaera kulturalarekin bat zatozen heinean izango gara berdinak.
Estatu nazioen demokrazia faltagatik pizten dira nazionalismoak?
Esan bezala, estatu nazioak ez du gaitasunik bere barruan biltzen diren komunitate kulturalen ordezkaritza politikoa bermatzeko. Eta, horren ondorioz, defizit demokratikoa izaten da. Aitortzarik ezak ekartzen du nazionalismoaren gorakada hori. Hala gertatu da Katalunian, nazio estatuaren aitortza falta horretatik indartu da nazionalismoa azken urteetan.
Nola azalduko zenuke Kataluniako prozesua?


Espainiako Gobernua izan da nazionalismo katalana gehien indartu duena. Irain baten ondorioz egin du gora independentismoak han. Espainiako Gorteek Katalunia nazio gisa ez onartzeak identitate katalana eta espainola elkarren aurka jartzea ekarri du; espainiarrei hori esaten diet askotan: beraiek direla egoeraren erantzule. Gobernuak jarrera irekiago bat izango balu, bere lurraldearen barruan dituen nazioak errespetatuko balitu, estatua sortzeko nahiak behera egingo lukete. Eta horretaz konturatzen ez badira, estatua galduko dute.
Eskozian prozesu bera gertatzen da?


Eskoziako kasua ezberdina da. David Cameronen gobernuak errekonozitu egiten ditu eskoziarrak. Eta aitortza horrek independentziarako nahiak baretzen ditu. Cameronek ezezkoa eman izan balu, umiltze kolektibo bat gertatuko litzateke. Identitate kulturala pertsonalitatearen parte ere bada, eta zure kolektibitatea iraintzen badute, zu ere mintzen zaituzte. Horrek bestearen identitatearekiko antagonismoa garatzea dakar.
Zer nabarmenduko zenuke Euskal Herriaren egoeraz?


Ni kontu batek arduratzen nau: norberaren identitatearen garatzeko prozesuan inguruan dauden gutxiengoen zapalkuntza. Zuek zapalduta zaudete Euskal Herrian, eta estatua eratzeko garaian, estatu nazio horren ideia presente dago beti, hori baita gaur egun dagoen estatu eredu nagusia. Eta horregatik beharrezkoa ikusten dut horren inguruan sentsibilizatzea. Zuen baitan beste batzuk daudela onartzea funtsezkoa da. Bestela, arazoa itzuli egiten da.
Zein da ikusten duzun arriskua?

Zuek sufritutakoa beste batzuei sufriaraztea gerta liteke. Euskal Herrian estatua eraikiko bazenute oso argi izan beharreko elementua da hori. Onartu beharko zenukete besteen estatua ere badela. Ez dela nazio bakarraren estatua izango eta lurraldean bizi diren komunitate guztiena dela. Kultura bakarreko nazioa eta horren baitako estatua sortu nahi izatea, estatu barruan dauden gainontzeko komunitateen zapalkuntzara darama. Kasu horretan, zapalduak izateari utzi eta zapaltzaile bihurtzeko arriskuan zaudete.
Pentsa liteke estatu nazioa gainditzen duen estatu batean, nazio aniztuna den estatu batean, adibidez?
Zaila da politika pentsatzea estatu nazioaren ikuspegi horretatik kanpo. Gaur egungo instituzioek erreprodukzio hertsagarria dute oinarrian. Eta funtzionatzeko era horretatik ateratzeko ere oinarri horietatik abiatzen zara: estatu nazioaren formulatik.
Zer da zuk proposatzen duzuna?


Europako Batasunean sinesten dut nik, baina ez gaur egun ezagutzen dugun eran. Batasun kapitalista bat besterik ez baita egungoa. Komunitate autonomoz osatutako erakunde gisa ulertutako Europako Batasunean sinesten dut nik. Munduan askotariko kulturak eta etniak daude, eta horiek guztiak ordezkatzeko eta errespetatzeko era bat izan liteke. Estatu nazioaren gainbeheran gaude, eta uste dut, pixkanaka bada ere, eztabaida hauek gero eta sarriago entzungo ditugula.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: